2007/05/07

BIOLENTZI ARRISKUA AREAGOTZEN DUTEN FAKTOREAK.

Ume eta nerabeek portaera bortitza hainbat modutara adieraz dezakete: suminaldiak, eraso fisikoa, borrokak edo norbaiti min emateko nahia (hilketa burutzeko puntura iritsi arterainokoa), armen erabilera, suteak piztu...
Hainbat gazteri burututako ikerketen emaitzen arabera, faktore batzuen ondorioz, umeengan bortizkeria areagotu egiten da. Faktore horiek ondokoak dira:
  • Portaera bortitza edo aurrebiolentzia.
  • Sexu gehiegikeria edo gehiegikeria fisikoen biktima izatea.
  • Etxean edo komunitatean biolentzia hurbil izatea.
  • Faktore genetikoak (herentziaz jasoak).
  • Komunikabideetan (telebista, irratia,...) ikusitako biolentzia.
  • Drogak kontsumitzea.
  • Etxean armen presentzia izatea.
  • Etxean bizi den egoera, pobrezia esaterako.
  • Gurasoak banatzen egotea, aitarik edo amarik ez izatea, langabezia eta etxean konfiantza ematen dion norabait ez edukitzea.
Umea gogortzalea den edo ez jakiteko umearen portaerara jo behar dugu eta hau arretaz ikertu. Honako faktoreek determinatzen dute haurrak bortizkeriarako joera duen edo ez:
  • Etengabeko haserreak.
  • Haserraldi bortitzak, denari ostikoka hastekoak.
  • Muturrerainoko saminkortasuna.
  • Muturrerainoko inpultsibitatea.
  • Erraztasunez frustatzea.

2007/05/06

ZER EGIN DAITEKE ESKOLAN?

Bullying-a pairatzen duen umea ez da eskolan seguru sentitzen, babes gabe sentitzen da eta hau ekiditeko honakoa egin daiteke:
  1. Galdetegi bat egin bai ikasleei eta baita irakasleei ere, eskolan dagoen beldurtarazpen maila ebaluatzeko.
  2. Ikasgelatik kanpo eta eskolako ekintzetan ikasleak ikuskatu. Beldurtarazpen arrasto bat ikusiz gero esku hartuz.
  3. Beldurtarazpenari dagokionez, ikasleak hezteko ekintzak burutu.
  4. Irakasleak, ikasleen arteko beldurtarazpenei aurre egiteko prestatu.
  5. Ikasleei eta irakasleei beldurtarazpenari aurre egiteko metodologia bat aurkeztu.
  6. Gurasoak entzun beraien semearen edo beste gelakideren baten portaerari buruz hitz egiten dutenean.
  7. Erotzailearekin eta erasotuarekin bakarka hitz egin; biekin batera hitz eginez gero erasotzaileak biktima beldurtarazten jarrai baitezake.
  8. Ahalik eta arinen arazoa konpontzen saiatu eta horren berri eman bai erasotuearen eta baita erasotzailearen gurasoei ere.
  9. Ikasleei eskolako eta gelako arauei buruz duten iritzia eskatu.
Zer egin dezakete ume eta gazteek?(puntu hauek kontuan hartuz hainbat jarduera presta daitezke).
  1. Ikaskideak errespetatu eta beraiek tratatuak izatea nahi duten moduan besteak tratatu.
  2. Beldurtarazpenik jasan badu edo ikusi baldin badu, gurasoei edo irakasleari esan.
  3. Gurasoekin hitz egin gai honi buruz.
  4. Beste ikasleei laguntza eskeini.
  5. Irakasleekin, lagunekin eta gurasoekin batu beldurtarazpenari aurre egiteko.
Ikasleen arteko harremana aztertzeko balio duen txostenetariko bat ikusi nahi izanez gero klikatu hemen.

BULLYING-A SUFRITZEN DUEN IKASLE BATEN KRONIKA.



Beti galdetu izan diot nire buruari zergatik pairatzen dudan tratu txar psikologiko hau. Gutxitan aurkitu izan dut erantzun bat baina gauzak argi ditut orain.
"Ez da ni bitxia edo desberdina naizenik, ni besteak bezalakoa naiz, hazten ari den nerabe bat, ez naiz "estralurtar" bat irakurtzen dakidalako edo nire iritzia daukadalako". Hau da gelakideren batek irainduz gero pentsatu beharko genukeena, baina ez dugu horrela egiten. Zergatik? Traba egiten digun pertsonak mila aldiz errepikatu digulako ez garela ezer eta hau subkontzientean barneratu dugulako.
Bullying-a nozitzen duzunean lelokeri asko egiten dituzu; jateari utzi, gelan itxi eta negar egin, norbaiti laguntza eskatu beharrean eta duzun arazoei irtenbidea aurkitzen zaiatzen zara baina alperrik. Entzun dudanez, bullying-a pairatzen duten pertsona guztiek eskolaz aldatzen dute.
Erasotzen zaituen pertsona beti da bat, naiz eta zuk gelakide guztiak direla pentsatu. Gertatzen dena da erasotzaileak denak bere "menpe" dituela mehatxatu egiten baititu hitz egiten badizute jo egingo dietela esanez.
Zergatik jotzen dute Bullying-era? arrazoi asko egon daitezke; jeloskorkeriagatik, autoestima baxua daukalako eta berau indartzeagatik,etxean arazoak dituelako... Gauza da erasotzailea ere gaizki dagoela eta barruan daukan "min" hori biktimak ordaintzen duela.
Kasu hauetan, umea pixkat arraro ikusiz gero, egin daitekeen gauzarik onena berari galdetzea da ea zerbait gertatzen zaion, nahiz eta umeak egia aitortzea oso zaila izan, baina era batera edo bestera igarri egin behar zaio. Ume hauek psikologo batetara eraman behar dira eta eskolako irakasleekin hitz egin behar da arazoari irtenbide bat bilatzeko. Ikusi dudanagatik, ordea, ez dago zer eginik, biktima guztiak eskolaz aldatzen bukatzen baitute.
Argi dago gazte hau guztiz ukituta geratu dela sufritu dituen tratu txarrengatik, eskolatik aldatu behar izan du eta ikusten denez beste hainbat umek ere berdina egin behar izan du zoritxarrez.

2007/05/05

ZER EGIN DEZAKETE GURASOEK BULLING-A EKIDITEKO?

Seme-alabak Bullying-eko biktimak direnaren ustea badago esaten dutena entzun egin behar zaie ezer gutxietsi gabe eta "hori mutilen gauza da" bezalako aipamenik egin gabe, biolentzia ez baita naturala den zerbait. Umeak esaten duena egia den edo ez ikertu behar da, baina beti ere bera konturatu gabe, guk berarengan dugun konfiantza zalantzan jarri ez dezan. Tratu txarrak jasotzen dituela egia bada, eskolarekin harremanetan jarri behar dugu berehala eta gertatzen denaren berri eman irakasleen parte hartzea eskatuz. Ondoren arazoa konpontzeko estrategia bat martxan jarri behar da arazo horretan sartuta daudenen arteko harremana tratatzeko.
Umea Bullying-eko biktima ez bihurtzeko (edonor izan daitekeela jakinda) bere autoestima eta beraiengan konfiantza indartu behar da. Oso garrantzitsua da, baita, umearengan adiskidetasun kontzeptua indartzea, lagun faltak biktima bihurtzeko arriskua handitu egiten baitu eta norbanakoaren isolamendua gutxitu. Seme-alabei denen lagunak izaten eta bakarrik daudenei laguntzen irakatsi behar zaie. Telebistan agertu diren Bullying kasuei buruz hitz egin daiteke beraiekin (baliteke umeak eskolan kasu baten bat ikusi izana) eta horrela bere iritzia jakin dezakegu, gaztetxoa orientatu eta honi bere kontzientzia garatzen laguntzeaz gain.
Umearekin komunikazio harreman on bat edukiz arazo hau ekiditeko aukera gehiago edukiko ditu umeak eta biktima bada gu lehenago konturatuko gara. Honela, era egoki eta azkar batean aurre egingo diogu arazoari.

BIKTIMAK

Erasotua edonor izan daiteke: potoloa, betaurrekoduna, gelara azken iritsi dena, ikastuna...Baina erasotu guztiek dute ezaugarri bat amankomunean; ezin dituzte beraien eskubideak eta pentsamenduak defendatu erasorik jasan gabe, besteen onarpen eza dutela, alegia.
Biktimak, Bullying-aren ondorioz, autoestimu sozialaren gabezia izango du eta emaitza eskola porrota izango da, honez gain, eskolatik irteten denean umearentzat ez da arriskua bukatzen, hau da hurrengo egunean jasango duen "infernuan" pentsatzen hasten da, honek estresarekin batera aurre-antsietate bat sortaraziko dio eskolarekiko beldurra garatuz, ez du eskolara bueltatu nahi izango, depresiorako joera izango du eta baita bere buruaz beste egiteko gogoa ere. Kasu batzuetan biktima bere errua dela pentsatzera heldu daiteke, umilazioen ondorioz bere autoestimua jeitsiz baitoa.
Baina Bullying-a jasotzen duten umeak ez dira biktima bakarrak, "ikusleak" (gelakideak) ere zorro berean sartzen dira, ez baitiote erasotuari laguntzen erasotzailea indartsua dela uste dutelako eta beraiek ez dituztelako tratu txarrak jasan nahi, hau dela eta, jarrera berekoi bat sortzen da umeen artean eta erasotua "tentela" dela pentsatzera ere iristen dira. Egoera honek umeak beren inguruko biolentzian arretarik ez jartzerainoko puntu batera eraman ditzake, hau da, egoera hauek normaltzat ikusterainoko puntu batera.

NOLAKOA DA ERASOTZAILEA?

Erasotzaileek amankomunean duten ezaugarrietako bat enpatia falta da, hau da , bestearen tokian (egoeran) jartzeko ezintasuna. Ez dute pentsatzen beraien ekintzek (irainak, jipoiak,...) sufritzen dituen pertsonarengan eragina izan dezaketenik eta biktimak tratu txarrak, bai fisikoak eta bai psikologikoak merezita dituela pentsatzera ere irits daitezke. Nahiz eta erasotzaileak ikaskideen artean ospe handirik izan ez, hauen errekonozimendua lortzen du nagusikeria eta bera gogorra dela inori beldurra sortzean erakutsiz. Erasotzaileen beste ezaugarrietako bat autoestimu baxua izatea da eta beraien fustrazioa ahulenekin, edo beraien ustez ahulenak direnekin asetzen dute, hauei bizitza izorratuz.
Ikerketa askok ondorioztatutakoaren arabera, Bullying-a sarri askotan etorkizuneko delinkuentziaren aurrekaria izan daiteke.

ZER DA BULLYING-A?

Izenagatik zerbait berria badirudi ere, gure gizartean denbora luzea daraman gaia da, azken urte hauetan hainbat eta hainbat kasu komunikabideetan irtetearen ondorioz, oso entzutetsua bilakatu den arazoa .
Bullying-a eskolaumeen arteko etengabeko mehatxu eta tratu txarrei deritzo. Gehienetan helduen presentziatik kanpo gertatzen da eta irain hauen helburua biktima babesgabe bat lotsaraztea, umilatzea eta erasotzailearen menpean jartzea izaten da, eraso fisikoak, hitzezkoak edo sozialak erabiliz. Honen ondorioz biktimizazio psikologikoa ematen da eta biktima taldetik at geratzen da.
Bullying-a ekintza desberdinen bitartez eman daiteke:
  • Hitzen bidez lotzaraztea ( iraindu, ezizenak jarri, norbaiti buruz gaizki esaka aritu, norbaiti buruzko zurrumurruak zabaldu...).
  • Mehatxu psikologikoak ( beldurra sortarazteko mehatxuak, dirua edo helbururen bat lortzeko mehatxuak, edo, beste gabe, biktima gauzak egitera derrigortzeko meatxuak).
  • Eraso fisikoak: zuzenak ( borrokak, jipoiak, edo, kokotekoak); zeharkakoak ( Biktimaren materiala suntsitu, lapurreta txikiak...)
  • Isolamendu soziala ( biktimari taldean, lana egiterako orduan, jolasorduan... parte hartzen utzi ez, ezikusiarena eginez).
  • Eraso arrazista ere badago, zeinaren jomuga etnia eta kultura minorizatuetako kideak diren.
  • Eraso sexuala zeinak erasotua deseroso eta umillaturik sentiarazten duen.
  • Azken urteotan teknologia berriak agertzeaz batera mobila eta mail-aren bidez ere mehatxu eta hitz iraingarri anonimoak bidaltzen hasi dira erasotzaileak.
Guzti honek biktimaren autoestiman eta identitate pertsonalean kalte handiak eragiten ditu. Eta okerrena da erasotzailea eta erasotua eskolan ia egunero ikusten direla. Erasotzailearengandik ihes ezin egiteak, beldur izugarria, antsietatea eta estresa sortzen dizkio umeari, ondorioz, suizidatzera edo behintzat hau pentsatzera ere irits daiteke biktima kasu batzuetan.